Bilatu datu-baseetan eta atari espezializatuetan

BILATU DATU BASEETAN ETA ATARI ESPEZIALIZATUETAN

Datu base bibliografikoen eta atari espezializatuen helburua da argitaratu diren dokumentu zientifiko eta teknikoen gaineko kalitateko informazio bibliografikoa biltzea eta eskaintzea. Horretarako argitalpenen identifikazio datuak deskribatu eta ematen dituzte (egilea, izenburua, argitalpen mota, data…) eta argitalpenen edukiari buruz informatzen (arlo tematikoak, hitz gakoak, gaiak, laburpena…).

Hona hemen oinarrizko aholku batzuk datu baseetan eta atari espezializatuetan informazioa bilatzeko.

Oinarrizko kontzeptuak

 

Sortu zure erabiltzaile pertsonala

Datu base eta informazio atari gehienek zure erabiltzaile pertsonala sortzeko aukera ematen dizute. Hori eginda, zure profila sortuko duzu eta bertan zure bilaketen historia eta zure interesekoak diren dokumentuak gordeko dituzu, besteak beste.

Kontuan izan tresnaren hizkuntza

Datu base handiak eta atari espezializatuak nazioarteko produktuak izan ohi dira, eta ingelesez lan egin ohi dute. Bildutako informazioa hainbat hizkuntzatan idatzitako dokumentuen gainekoa izan daiteke, baina dokumentuak deskribatzeko ingelesa erabiltzen da. Kontuan izan zure bilaketak egiteko.

Egokitu bilaketa hitzak, zure premien arabera

Bilaketa egiten hasi aurretik pentsatu hitz garrantzitsuetan. Erabili hitz orokorrak, horiekin emaitza gehiago lortuko dituzu eta. Emaitza kopurua gutxitu edo doitu behar baduzu, termino espezifikoagoak erabili ditzakezu, edo hitz gakoak edo hitz espezializatuak.

Ez sartu termino hutsak, hau da, oso esanguratsuak ez diren hitzak.

Konbinatu hizkuntza naturala eta hizkuntza kontrolatua

Hizkuntza naturalean ohikoa da termino askeak erabiltzea. Ideia bat adierazteko termino bat baino gehiago egon daiteke (sinonimoak).

Hizkuntza kontrolatuan, berriz, termino normalizatuak erabili ohi dira. Hizkuntza kontrolatuan termino bakarra dago ideia bat adierazteko. Gai bakoitzeko adituek erabakitzen dute zer termino erabili kontzeptu bakoitza azaltzeko. Hizkuntza kontrolatua erabiltzeak informazio kategoriatan banatzen eta zure premietarako egokienak diren dokumentuak aurkitzen lagunduko dizu.

Erabili Tesauro bat

Tesauro bat termino zerrenda kontrolatu eta egituratu bat da. Zerrenda horrekin jakin dezakegu zer termino erabiltzen den gehienbat kontzeptu batez hitz egiteko, eta jakin daiteke, halaber, zer termino familiatan sartzen den eta zer erlazio dagoen haien artean (termino orokorragoak, espezifikoagoak, termino elkartuak…). Tesauroak oso baliagarriak dira dokumentuak bilatzeko eta dokumentuen azterketa tematikoa egiteko. Hizkuntza kontrolatu baliagarrienetako bat da UNESCOren diziplina askoko nazioarteko Tesauroa.

Informazio atari eta datu base espezializatu askok beren tesauro propioak dituzte: Adibidez, Engineering Village plataforman, Inspec y Compendex datu base bakoitzak bere tesauro propioa eskaintzen dizu..

Kontuan izan bilaketa eremu ugari dagoela

Informazio atari eta datu baseek hainbat eremutan antolatzen dute informazioa, hau da, indizeetan antolatzen dute. Horrek laguntzen du erregistro bibliografikoen zati batzuk zehazki bilatzen.

Sarritan, “Bilatu eremu guztietan” edo “Bilatu edozein eremutan” aukeraren ondoan eremu zehatzetan bilatzeko aukera aurkituko duzu (‘izenburua’, ‘egilea/k’, ‘gaia’, etab.) Edo hainbat eremutan batera bilatzeko aukera (adibidez, ‘izenburu, laburpen eta hitz gakoan’). Zenbat eta gehiago zehaztu bilaketa eremua, orduan eta zehatzagoak izango dira aurkitzen dituzun emaitzak.

Erabili operadore boolearrak

Operadore logikoak (AND, OR, NOT) baliagarriak dira eremu berean bilaketa termino bat baino gehiago konbinatzeko eta eremu desberdinetan aldi berean egiten diren bilaketak konbinatzeko.

Egin bilaketa konbinatuak

Informazio atari askok aurretik egindako bilaketak bilaketa handi bakarrean konbinatzeko aukera eskaintzen dute, banan-banan errepikatu beharrik eduki gabe. Zuretzat baliagarria izan daiteke, informazio oso zehatza behar baduzu eta bilaketa emaitzak doitu behar badituzu.