Sarbide irekirako bideak

Sarbide irekia Nazioarteko mugimendu bezala

Ohiko galderak

 

Sarbide irekirako bideak

Bide berdea: sarbide irekiko biltegietan argitaratzean datza, sarbide irekiko nazioarteko ekimenetan oinarritutako argitalpen eta komunikazio zientifikoko alternatiba baitira. Ikerketa-komunitatean lehenesten den ibilbidea da. Gordailu instituzional, tematiko eta orokorretan, nagusiki, argitaratutako dokumentuen azken bertsioa jartzen da, batzuetan, bahitura-epe baten ondoren irekian eskuragarri egon daitezen. Aldizkarietako artikuluak, kongresuak, liburuetako kapituluak edo formatu digitaleko beste edozein argitalpen zientifiko, linean eta, kasu askotan, testu osoan eskuragarri daude.

Diamante bidea: argitaletxeak edo aldizkariak berehalako sarrera irekian eta kargurik gabe argitaratzen du, hau da, egileei argitaratzeagatik edo irakurleei irakurtzeagatik kobratu gabe. Argitalpenak eta argitaratutako materialak doan argitaratzen dira, erakunde akademikoek, gobernu-erakundeek edo elkarte zientifikoek finantzatu ohi baitituzte.

Urrezko bidea: sarbide irekiko aldizkarietan argitaratzean datza, argitalpen-kostuengatik ordaindu ondoren (APC, article processing charges), kostu horik egileak edo erakunde atxikiak ordainduko ditu. Hartara, edukiak doan eskuratu ahal izango ditu jendeak.

Eredu hibridoa: aldizkari berean, ordainpeko artikuluekin batera, sarbide irekiko beste artikulu batzuk ere badaude, eta horiengatik ordaintzen dute egileek artikulua sarbide irekian egotearen truke. Aukera horri open choice deitzen zaio.

Sarbide irekiko argitalpen-plataformak zure ikerketaren emaitzak irekian zabaltzeko beste modu bat dira.

Horien artean dago, Open Research Europe (ORE) Europako Batasunak plazaratutakoa, Horizonte 2020, Horizonte Europa edota Euratom finantzaketaren ondoriozko ikerketak argitaratzeko, gai guztietan (Natur Zientziak, Ingeniaritza eta Teknologia, Medikuntza Zientziak, Nekazaritza Zientziak, Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak). Bi alderditatik funtzionatzen du, biltegi eta aldizkari akademiko gisa, ikerketa-komunitateak bere emaitzak eta ezagutzak parteka ditzan. Ez die APC tasarik kobratzen Europar Batasunak finantzatutako ikerketen emaitzak argitaratzen dituztenei eta parekako berrikuspen-eredu irekiaren (open peer review) alde egiten dutenei: preprint-a argitaratu ondoren, modu ireki eta gardenean egiten da parekakoen bidezko berrikuspena. Gainera, ez du argitaratzeko mugarik, gutxieneko kalitate maila gainditzen duen guztia argitaratzen da.

Sarbide irekiko argitalpenak ezagutu nahi badituzu, direktorio hauek kontsultatzea gomendatzen dizugu:

Zer dira gordailuak?

Gordailuen helburu nagusia da instituzio baten produkzio zientifiko eta akademikoa sarbide irekian bildu, artxibatu, babestu eta zabaltzea. Gordailuan dauden lanak eskuratzea ahalbidetzen dute, baita lanon bisibilitatea eta zabalkundea handitzea ere.

Nolako gordailuak, halako edo holako objektuak egongo dira bertan. Izan daitezke doktore tesiak, aldizkarietako artikuluak, biltzarretarako jakinarazpenak, irakaskuntza materialak; bai eta ikerketa gordinen datu primarioak edo formatu digitaleko bestelako argitalpen zientifikoak, produkzio akademikoak eta instituzionalak ere.

Fitxategi digital horiek dokumentuen “preprint” zein “postprint” bertsioak jasotzen dituzte argitaratu baino lehen:

  • "Pre-prints": dokumentu originalari dagokion bertsioa da, oraindik parekoek berrikusi gabe eta argitaratzeko onartu gabe dagoena.
  • "Post-prints": dokumentu baten azken bertsioa, parekoek berrikusia, iradokitako aldaketa eta zuzenketak eginak dituena eta editoreak onartuko duen azken bertsioa izango dena.

Infografia: CRUE gordailuetan argitaratzearen onurak

Zer gordailu mota daude?

  • Gordailu instituzionalak: instituzio konkretuekin lotuta daude, eta produkzio zientifiko, akademiko eta instituzionala biltegiratu, babestu eta zabaltzen dute.
  • Gordailu tematiko edo diziplina bakarrekoak: diziplina edo arlo tematiko konkretu batekin loturiko baliabide eta dokumentuak biltzen dituztenak dira.
    • Arxiv: zientzia matematiko, fisika, informatika, biologia, finantzak eta estatistikarako.
    • BioRxiv: bizitzaren zientzietan espezializatua.
    • CiteSeerX: konputazio eta informazio zientzietarako.
    • Pubmed Central: bizitzaren zientzietan eta espezialitate biomedikoetan espezializatua.
    • RePEc: ekonomia arlorako. 
    • TechRxiv: konputazio zientzietarako. 
  • Datuen gordailuak: ikerketetako datuak gorde, partekatu eta babesten dituztenak dira.
    • Europar Batasuneko datu irekien ataria:  Europar Batasuneko instituzioek eta beste erakunde batzuek landutako datu askotarikoak eskuratzeko gune bakarra. Datuak edozein xedetarako -xede komertzialak nahiz ez komertzialak- eta dohainik erabili, berrerabili, estekatu eta birbanatzeko aukera ematen du.
    • Zenodo: OpenAIRE proiektuaren eta CERNen babesean sortua, gordailu honek edozein komunitate zientifikoren, ikertzaileren edo ikerketa erakunderen diziplina anitzeko ikerketa datuak bildu eta zabaltzen ditu.

Nola aurkitu gordailuak?

  • Gordailuen nazioarteko rankinga
  • Gordailuen direktorioak: gordailuak modu antolatuan eskuratzea ahalbidetzen dute.
    • OpenDoar: Directory of Open Access Repositories.
    • Roar: Registry of Open Access Repositories.
  • Bilatu gordailuak
  • Gordailuen biltzaileak: interfaze bakarretik eta aldi berean, bildutako gordailu guztietako material eta baliabideak bilatu eta eskuratzeko aukera ematen dute.
    • OAIster: sarbide libreko baliabideen milioika erregistro jasotzen duen katalogo kolektiboa. Katalogo hau sortzeko, mundu guztiko sarbide libreko bildumetako materiala bildu zen. Gaur egun, OAIsterrek 50 milioi erregistro baino gehiago dauzka. Erregistro horiek 2.000 laguntzaile baino gehiagoren baliabide digitalei dagozkie.
    • OpenAire: Open Access Infraestructure for Research in Europe. Sareko gordailuen azpiegitura bat da, eta Europan sarbide irekia zientziari aplikatzen laguntzea du helburu.
    • Recolecta: Espainiako gordailu instituzionaletan irekian jarritako dokumentu zientifikoak biltzen ditu, eta horiek eskuratzeko bidea ematen du.
    • Hispana:Espainiako artxibo, biblioteka eta museoetako baliabide digitalen bilatzailea eta direktorioa, Kultura Ministerioak kudeatzen duena.

Zer da gordailu batean argitaratzeko bahitura-epea?

Argitaletxe batek lan edo dokumentu bat argitaratu ondoren lan horri sarbide publikoa emateko esklusiboki beretzat hartzen duen epea da.

Bahitura-epearen iraupena aldatu egiten da aldizkari edo argitaletxearen arabera, baina, oro har, 6 hilabetetik 24 hilabetera bitartekoa izan ohi da. Bahitura-epeak irauten duen bitartean, argitalpen formalaren egunetik bertatik hasita, dokumentua ezin da testu oso moduan ikusi gordailu batean.

Epea igaro eta gero, gordailuak irekian argitaratu ahalko du argitaletxearekin adosturiko dokumentuaren bertsioa, hau da, gehienetan, postprint-a.

Argitaletxe eta aldizkarien bahitura-epeak egiaztatzeko tresnak

Sarbide irekiko gordailu batean argitaletxe batekin argitaraturiko dokumentuak gordetzeko, nahitaezkoa da argitaletxeen argitaratze-politikak eta copyright eskubideak ezagutzea.

Horretarako, nazio- eta nazioarte-mailako zenbait atari sortu dira.

Sherpa-Romeo

Sherpa-Romeo: egile-eskubideen politikak eta munduko argitaletxe eta aldizkari nagusien autoartxibatze-politikak biltzen dituen nazioarteko ataria da. Irekian argitaratzeko onarturiko dokumentuaren bertsioari edo bertsioei eta ezarririko bahitura-epeei buruzko informazioa ere biltzen du.

Dulcinea

Dulcinea: Espainiako aldizkarien argitalpen-politikak biltzen dituen ataria da: artxiboetarako sarbidea, ustiatze-eskubideak eta argitaratze-baimenak. Irekian argitaratzeko onarturiko dokumentuaren bertsioari edo bertsioei eta ezarririko bahitura-epeei buruzko informazioa ere biltzen du.

Sarbide irekiko beste baliabide batzuk

  • Hedatuz: Euskal zientzia eta kulturaren liburutegi digitala.
  • Dialnet: lankidetza proiektu honen xede nagusia da hispaniar literatura zientifikoari ahalik eta bisibilitate handiena ematea.aldizkarietako artikuluak, liburuak, liburu kolektiboetako artikuluak, biltzar agiriak, doktore tesiak, etab. jasotzen ditu. Badauzka, halaber, alerta bibliografikoen zerbitzu bat eta gordailu bat, zeinaren bitartez hispaniar literatura zientifikoa testu osoan emana eskura daitekeen.
  • Digital.CSIC: Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluaren (CSIC) sarbide irekiko gordailu zientifikoa
  • DOAJ: Directory of Open Access Journals
  • DOAB: Directory of Open Access Books
  • REDALYC: Mexiko Estatuko Unibertsitate Autonomoak bultzatzen duen egitasmo honek sarbide irekia ematen du iberoamerikar aldizkarietako ekoizpen zientifikoa eskuratzeko
  • Europeana: europar biblioteka digital honek sarbide irekia ematen du Europako 2.300 instituzio baino gehiagoren 45.000.000tik gora material eskuratzeko.