Zer dira konpetentzia digitalak

KONPETENTZIA DIGITALA

Hona hemen konpetentzia digitalaren definizioa: Informazioaren Gizartearen Teknologiak modu kritiko eta seguruan erabiltzea lanerako, aisialdirako eta komunikaziorako.

Konpetentzia digitalak berekin dakar baliabide digitalak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko ezagutza, trebetasun, jarrera eta estrategia batzuk edukitzea.

Konpetentzia digitalaren oinarrian ordenagailua erabiltzeko trebetasunak daude, informazioa berreskuratu, ebaluatu, biltegiratu, ekoitzi, aurkeztu eta trukatzeko; baita komunikatzeko eta Internet bidez lankidetza sareetan parte hartzeko ere (European Parliament and the Council, 2006).

Gainera, Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntzarako behar diren zortzi konpetentzia gakoetako bat da.

Konpetentzia digitala edukitzeko, ezagutza, trebetasun eta jarrera batzuk garatu behar dira bost alor handiren inguruan. Hona hemen alorrak:

  1. Informazioa, informazio alfabetatzea eta datuen tratamendua: informazio digitala identifikatu, lokalizatu, berreskuratu, biltegiratu, antolatu eta analizatzea, eta informazio horren xedea eta garrantzia ebaluatzea.
  2. Komunikazioa eta lankidetza: ingurune digitaletan komunikatzea, linean baliabideak partekatzea, tresna digitalen bidez beste pertsona batzuekin konektatu eta lankidetzan jardutea, interakzioan aritzea eta komunitate eta sareetan parte hartzea; kulturarteko kontzientzia.
  3. Eduki digitalaren sorkuntza: eduki berriak sortu eta editatzea (testuak, irudiak, bideoak…), ezagutzak integratu eta aurretiko edukiak berrelaboratzea, produkzio artistikoak, multimedia edukiak eta programazio informatikoa egitea, eskubideak aplikatzen jakitea
  4. Segurtasuna: babes pertsonala, datuen eta identitate digitalaren babesa, segurtasunaren erabilera, erabilera seguru eta sostengarria.
  5. Arazoen ebazpena: behar eta baliabide digitalak identifikatzea; beharraren edo xedearen arabera, tresna digital egokiak hautatzeko erabakiak hartzea; bitarteko digitalen bitartez arazo kontzeptual eta teknikoak konpontzea; teknologia sormenez erabiltzea; norberaren eta beste batzuen konpetentzia eguneratzea.

Konpetentzia Digitalaren Esparrua graduko ikasleentzat. DIGCOMPen egokitzapena. 2016ko iraila. 

Proposamena ikusi

Konpetentzia Digitalen Europako Esparrua (DIGCOMP) 21 alderdi (edo konpetentzia) zehazten dira, eta horiek guztiek batera, konpetentzia digitala osatzen dute.