Bazenekien...
Berdintasunarekin lotutako gaiei buruz hitz egitean, gizarteak oraindik ere guztiz barneratuta ez dituen kontzeptuak erabiltzen ditugu. Horregatik, kontzeptu horietako batzuez NBEk, Euskaltzaindiaren Hiztegiak eta feminista-taldeek eman dituzten definizioak eta bideo argigarri batzuk ekarri ditugu hona.
Sexua, generoa eta genero-identitatea
Sexua
Pertsona bat emakumea, gizona eta/edo intersexuala den bereiztea ahalbidetzen duten ezaugarri biologikoen multzoa. (NBE)
Arra eta emea bereizten dituen ezaugarri fisikoen multzoa. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
Sexu bereko gizakien multzoa. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
Generoa
Gizarte zientzietan, kultura jakin batean, norbait gizasemetzat edo emakumetzat hartzeko, kontuan hartzen diren ezaugarrien, jarreren eta eginkizunen multzoa. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
Gizarte batek garai jakin batean gizonentzat eta emakumeentzat egokitzat jotzen dituen rolak, portaerak, jarduerak eta ezaugarriak. “Maskulinoa” eta “Femeninoa” genero-kategoriak dira. (NBE)
Sexuaren arabera pertsonei egozten zaizkien gizarte- edo kultura-ezaugarrien multzoa. Maskulino edo femenino gisa sailkatzen diren balioak, portaerak eta jarrerak dira, hau da, gizonei ala emakumeei dagozkienak. Feminista Ilustrada
Genero-identitatea
Sortzetiko genero-esperientzia, pertsona baten barnean dena; litekeena da bat ez etortzea pertsonaren fisiologiarekin edo jaiotze-sexuarekin. (NBE)
Feminismoa
Emakumearen eta gizonaren eskubide berdintasunaren alde egiten duen doktrina. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
Mugimendu politiko, kultural eta ekonomikoa. Helburu ditu emakumeen eta gizonen arteko eskubide-berdintasuna, eta zalantzan jartzen ditu gizonek emakumeak menderatzea, emakumeen aurkako indarkeria eta generoaren araberako gizarte-rolak. (Feminista Ilustrada)
Feminazi
Muturreko feminismoa. Borroka feminista gutxieste aldera ultraeskuinak asmatutako terminoa, funtsean abortua eta nazien holokaustoa parekatzen dituena. (Feminista Ilustrada)
Genero-berdintasuna
Emakumeen eta gizonen eta neskatoen eta mutikoen arteko eskubide-, erantzukizun- eta aukera-berdintasuna. Berdintasunak ez du esan nahi emakumeak eta gizonak berdinak izango direnik, baizik eta pertsonaren jaiotze-sexuak ez dituela eskubideak, erantzukizunak eta aukerak baldintzatuko. Genero-berdintasunak kontuan hartzen ditu emakumeen eta gizonen interesak, beharrak eta lehentasunak, eta emakume- eta gizon-taldeen aniztasuna onartzen du. Genero-berdintasuna ez da emakumeen kontua, gizonei ere hein berean dagokie eta eragiten die. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna giza eskubideen esparruko gaia da, eta pertsonak ardatz dituen garapenaren betekizun bat nahiz adierazle bat. (NBE)
Patriarkatua
Gizartea antolatzeko modu tradizional hori da genero-desparekotasunaren oinarria. Gizarte-sistema mota horretan garrantzi handiagoa ematen zaie gizonei edo maskulinotzat jotzen denari emakumeei edo femeninotzat jotzen denari baino. Gizarteen antolaketa tradizionalean gizonaren esku egon dira jabetza, bizilekua eta ondorengotza, baita bizitzako esparru gehienetan erabakiak hartzea ere. Fenomenoa azaltzeko orduan arrazoi biologikoak argudiatu ohi dituzte (emakumeek berez gaitasun handiagoa dute zaintzaile izateko, adibidez), eta genero-diskriminazio mota askoren oinarrian daude oraindik ere.
Patriarkatu esaten zaion antolaketa-sisteman, gizonaren/maskulinoaren eremua emakumearen/femeninoaren eremuaren gainetik dago. Gizonezkoen nagusitasuna eta emakumezkoen mendekotasuna iraunarazi eta errepikatzeko sortutako sistema da. Gizarteko erakunde handi guztien boterea gizonen esku uzten du, eta emakumeei galarazi egiten die botere hori eskuratzea. Ideia patriarkalek gizonen nagusitasuna aldarrikatzen dute, emakumeak gutxiago direlakoan.
Gizarte patriarkal batean bi sexu eta bi genero bakarrik onartzen dira: gizona eta emakumea, maskulinoa eta femeninoa. “Naturala” hori dela diote. (NBE)
Heteronormatibitatea
Sexualitateari erreparatuta, ideia nagusia da gizon baten eta emakume baten artekoa dela sexu-jardun egoki eta komenigarri bakarra. Heteronormatibitatearen arabera heterosexualitatea da jarduteko modu normal bakarra.
Emakumea-gizona patroi bitarretik haratago doan genero-dibertsitatea mundu osoan dago. Aniztasun hori historialariek eta antropologoek dokumentatu dute.
Planetako eskualde guztietan daude ohiko gizon/emakume identitate-aukeratik kanpo eroso bizi diren pertsonak.
- Calabai eta Calalai Indonesian
- Amerikar autoktonoen bi espirituak
- Hijra Indian
Mendebaldeko eredu sinplistaren aurrean, generoaren gaineko interpretazio konplexuagoaren erakusgarri dira. (NBE)
Diskriminazioa
Bereizkeria egitea. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
Neskatoen eta emakumeen aurkako diskriminazioa
Mutikoekin eta gizonekin alderatuta, neskatoei eta emakumeei bestelako tratua ematen zaie, zuzenean edo zeharka, eta horrela, dagozkien eskubideak erabiltzea eragozten zaie.
Askotariko diskriminazioa edo intersekzionalitatea
Atzean arrazoi bat baino gehiago dituen diskriminazioaren konplexutasuna azaltzeko erabiltzen da kontzeptu hori. (…)Bi egoera azaltzeko erabiltzen da: (1) pertsona batek diskriminazioa pairatzen duenean arrazoi bat baino gehiago tartean direla (hau da, sexuagatik eta desgaitasunagatik, edo generoagatik eta sexu-orientazioagatik). (2) talde batean baino gehiagotan dauden pertsonek bakarrik pairatzen dutenean diskriminazioa (hau da, desgaitasuna duten emakumeek bakarrik, desgaitasuna duten gizonek ez). (NBE)
Indarkeria
Emakumeen kontrako indarkeria
Emakumea fisikoki, sexualki edo psikologikoki kaltetu edo sufriarazi dezaketen indarkeria-ekintza oro, baita horien inguruko mehatxuak, bortxa erabiltzea eta askatasuna bidegabeki ukatzea ere, bai bizitza publikoan bai bizitza pribatuan. (NBE)
Edozein indarkeria-ekintza edo eraso, oinarrian desparekotasun-egoera duena, gizonek emakumeak menderatzen dituzten harreman-sistema baten esparruan gertatzen dena. (Feminista Ilustrada)
Genero-indarkeria
Pertsona baten borondatearen aurkako ekintza kaltegarriak izendatzeko termino orokorra da. Ekintza horien oinarrian daude gizarteak ezartzen dituen emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak. Genero-indarkeriaren izaera eta norainokoa ez dira berdinak kultura, estatu eta eskualde guztietan. Adibide batzuk: sexu-indarkeria, esplotazioa, abusua eta derrigortutako prostituzioa; etxeko indarkeria; pertsonen salerosketa; derrigortutako ezkontza, ezkontza goiztiarra; tradiziozko ekintza kaltegarriak, emakumeen genitalen mutilazioa, esaterako; ohoreagatiko hilketak; eta alarguntza-herentzia. (NBE)
Erreferentziak
NBEren definizioen glosarioa
Feminista Ilustrada
https://feministailustrada.com/conceptos-2/
Euskaltzaindiaren Hiztegia
Dokumentazio interesgarria