Komunikazioa

Komunikazio arloa

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean 40 urte baino gehiago daramatzagu euskal gizartean eragiten. Urte horietan guztiotan, gure esku-hartzea oso nabaria izan da hezkuntzaren arloan; baina, horrez gain, bagenuen asmoa jendartean oso eragin handia duen beste esparru batean jarduteko: komunikazioan. Horregatik eratu genuen Komunikazio arloa fakultatean eta sortu genuen, 2005. urtean, Ikus-entzunezko Komunikazio Gradua.

Mondragon 2025 marko pedagogikoa baliatuta eta fakultatea bera abiapuntu hartuta, proposatu nahi ditugu molde berriak komunikazioa ikas-irakasteko moduetan eta baita komunikazioan bertan eragiteko ere. Horregatik, gure ikasgela fisiko zein birtualetan erabiltzen ditugu eredu pedagogiko berritzaile eta parte-hartzaileak. Hala, sormena sustatuz eta “eginez ikasiz”, prestatzen ditugu pertsona kritiko eta arduratsuak, komunikatzaile ekintzaileak, gai izango direnak erantzuteko gizarteak, oro har, eta komunikazioak batez ere, XXI. mendean izango dituzten erronkei.

Bizi dugun munduaren zati den heinean, komunikazioa, eta bereziki ikus-entzunezkoaren adarra, inoizko eraldaketa prozesuan dago: digitalizazioa, automatizazioa, hiperkonexioa, produktu, tresna, negozio eta zerbitzu eredu berriak, ziurgabetasuna, transmititzen diren balioen gaineko kezka… horiei eta erronka gehiagori eman beharko zaie erantzun egokia nahi badugu komunikazioa baliatu jendarte justu eta hobeago bat egiteko.
 
Aretxabaletako Komunikazio campusa bilakatu nahi dugu erreferentzia gunea Euskal Herrian; komunikazio arloko goi mailako esparru akademikoan jakina, baina baita ere, ikus-entzunezko berrikuntza eremuan. Horretarako, hartu-eman estuak ditugu bertako eta kanpoko komunikabide, erakunde, administrazio publiko, ekoiztetxe eta, oro har, euskal komunikazio munduko eragileekin; are gehiago, profesional sare esanguratsu batek parte hartzen du proiektuan eskola, mintegi eta antzeko esku-hartzeen bitartez. Hala ere, gure jarduna ez da Aretxabaletara mugatzen, Donostian, Bilbon eta Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere ari gara, elkarlanean, komunikazio eta ikus-entzunezko sektorea sustatzen, fakultatea gizarteari begira jartzen baitugu.

Egun, eremu akademikotik zein esparru profesionaletik etorritako hamaika profesional ari dira gure Komunikazio arloan. Batetik, ikasleei laguntzen euren prestakuntza eta ikaste prozesuan; bestetik, komunikazioko arlo desberdinetan ikertzen eta, azkenik, ezagutza hori guztia transferitzen, alegia, komunikazio sektorearekin partekatzen. Izen ere, hori baita Komunikazio arloko asmo nagusienetako bat: jendartearekin partekatu urte hauetan guztietan komunikazioaren arloan metatutako esperientzia; eta horretara bideratzen ditugu bertan egiten diren lanak eta zerbitzuak, hala ikasleenak nola langileenak.

ARETXABALETAKO
CAMPUSA

Informazio gehiago

PROFESIONALENTZAKO
PRESTAKUNTZA

Informazio gehiago

 

GRADUA
IKUS-ENTZUNEZKO KOMUNIKAZIOAN

Informazio gehiago

IKERKETA
ETA TRANSFERENTZIA

Informazio gehiago